Nola konfiguratu dezaket nire posta-helbidea Gmail-en?

Zure .EUS posta-helbidea Gmail-en gehitu ahal izateko, lehenik zure posta zerbitzariaren konexio informazioa lortu beharko duzu. Informazio honekin nahikoa da:

  • POP3 zerbitzariaren helbidea eta zerbitzarira konektatzeko erabili beharreko portu zenbakia.
  • SMTP zerbitzariaren helbidea eta zerbitzarira konektatzeko erabili beharreko portu zenbakia.

Informazio hori lortzeko zure erregistratzailearen erabiltzaile gunean sartu eta posta-elektronikoaren atalean edukiko duzu. Nahiago baduzu, zure erregistratzailearen laguntza zerbitzura idatzi, eta behar dituzun xehetasun guztiak emango dizkizute.

Informazio hori lortu duzunean, zure Gmail kontuarekin saioa hasi eta “Ezarpenak atala ireki, goian eskuinean dagoen engranajea sakatuta.

“Ezarpenak” atalean, “Kontuak eta inportazioa” fitxa sakatu eta “Begiratu beste kontu batzuetako mezu elektronikoak” ataleko “Gehitu daukazun beste posta-kontu bat” aukera hautatu.

Leiho berri bat irekiko zaizu eta bertan Gmail-era gehitu nahi duzun posta-helbidea gehitzeko eskatuko dizu. Eremua bete ondoren, hurrengo urratsera jarraitu.

Hurrengo urratsean posta-zerbitzarira konektatzeko erabili beharreko informazioa eskatuko dizu. Lehenik eta behin, “Erabiltzaile-izena” eremuan posta-helbide osoa idatzi beharko duzu, eta “Pasahitza” eremuan, berriz, gehitu nahi duzun posta-kontuaren pasahitza. Orain, gida honen hasieran lortutako informazioa erabilita POP zerbitzariaren helbidea eta ataka (edo portua) zehaztu. Zure erregistratzaileak konexioa SSL bidez egin behar dela esan badizu, “Erabili beti konexio segurua (SSL) posta eskuratzean” laukia hautatu.

Hurrengo urratsean mezu elektronikoak zure .EUS posta-helbide berriarekin bidali nahi dituzun galdetuko dizu. Gmail-etik mezuak .EUS helbidearekin bidali nahi badituzu baiezkoa eman eta hurrengo urratsera jarraitu.

Urrats honetan .EUS posta-helbidetik mezu bat jasotzen dutenek ikustea nahi duzun izen-abizenak eskatuko dizkizu.

Lehen POP zerbitzariaren bidez Gmail mezuak jasotzeko konfiguratu duzun bezala, orain SMTP zerbitzaria konfiguratu behar da .EUS helbidetik mezuak bidali ahal izateko. Artikulu honen hasieran lortutako informazioarekin SMTP zerbitzariaren helbidea eta ataka (edo portua) bete. Horretaz gain, gehitu nahi duzun kontuaren pasahitza ere idatzi beharko duzu.

Helbidea gehitzeko, aldaketa konfirmatu egin behar da. Konfirmazio mezu bat iritsiko zaizu, jarraitu beharreko urratsak azalduz.

Horrekin Gmail konfiguratuta dago zure .EUS posta-helbidearen mezuak jaso eta bidaltzeko. Bidaltzen dituzun mezu guztiak zure helbide berritik bidaltzea nahi baduzu, “ezarri lehenetsi gisa” aukera hautatu.

Horretaz gain, lehenetsitako helbidea edozein dela ere mezu bat idaztean bidalketa egiteko erabili nahi duzun posta-helbidea hautatzeko aukera edukiko duzu.